Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak INNOVABIDE aurkeztu du

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak INNOVABIDE aurkeztu du2018.eko urriak 24

Bilbon, Euskalitek antolatutako Kudeaketa Aurreratuaren Europar Astearen barruan, egin da aurkezpena

Egun hauetan Bilbon egiten ari den Kudeaketa Aurreratuaren Europar Astearen barruan aurkeztu du Trafiko Zuzendaritzak INNOVABIDE ekimena. Proiektuaren xedea da bide-segurtasunarekin konpromisoa duten euskal enpresen sarea sortzea, % 40 murrizteko “in itinere” eta “in misión” istripuetan hiltzen diren eta larri zauritzen diren pertsonen kopurua. Trafiko Zuzendaritzak oinarri duen Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoan (2015-2020) biltzen diren helburu nagusietako bat da.
INNOVABIDE proiektuaren bidez, Trafiko Zuzendaritzak bide-segurtasuna euskal enpresen kudeaketan integra dadin sustatuko du. Horretarako, diziplina anitzeko talde bat osatuko da, lan egingo duena helburuen sustapenean, integrazioan, ebaluazioan eta hobekuntzan, baita enpresetako bide-segurtasunaren kudeaketaren bikaintasunean ere.
Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoan (2015-2020) aintzat hartzen dira jardun horiek, eta jardun horien bidez erantzun nahi zaie “bideko lan-arriskuen prebentzioa sustatzeko” eta “enpresek bide-segurtasunaren alorrean inplikazio aktiboa izan dezaten lortzeko” helburuei.
Gaur, Bizkaiko hiriburuko Baroja aretoan egin den aurkezpenean, Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariarekin batera izan dira Javier Larrañeta PESI-TECNALIAko zuzendari nagusia, Ignacio Lijarcio FESVIALeko proiektu-zuzendaria eta Luis Jiménez, EUSKALITen ordezkaritzan. Ekitaldi horretan, ezagutarazi dute proiektuaren oinarri den Laneko Bide Segurtasuna eta Mugikortasun Segurua Kudeatzeko Erreferentziazko Esparrua.
Kudeaketa Aurreratuaren Europar Astea Bilboko Euskalduna Jauregian egiten ari da urriaren 19tik 31ra bitartean, eta kudeaketa aurreratuaren alorreko jardunbide eta esperientzia onak hedatzeko eta trukatzeko topaleku bihurtu da. Europar Batasunean urtean behin egiten den aste horretan, batez beste 50 ekitaldi egiten dira eta 65 erakunde inguruk hartzen du parte.
Istripu-tasa
Aurten, oraingoz, 660 pertsonak izan dituzte “in itinere” trafiko-istripuak, hau da, lantokira zihoazela edo lantokitik zetozela. Kasu horietako 83 Araban izan dira, 344 Bizkaian eta 233 Gipuzkoan. Joan den urtean guztira 738 istripu izan ziren inguruabar horiekin.
Bestalde, 2018an 321 pertsonak izan dute “in mision” edo lanaldiaren barruan istripua. Horietatik 58 Araban izan ziren, 141 Bizkaian eta 122 Gipuzkoan. 2017an, berriz, 276 izan ziren.