Atal honetan, Sareko kide diren enpresen eta hainbat sektoretako enpresen esperientziak (ekitaldiak, gogoeta- eta prestakuntza-jardunaldiak, bideoak, jardunbide egokien dokumentuak eta abar) sartuko ditugu, eredu izateko gainerako erakundeentzat.

Mutualia

GIDATZEAREN ERGONOMIA

Gidatzearen arriskuak giza izaeraren mende daude hein handi batean, eta bidearen zein ibilgailuaren egoerak areagotu egin ditzake. Jakin badakigu gidariak erabilgarri dituen ibilgailuaren elementuak oso garrantzitsuak direla arrisku horiek gutxitzeko. Ergonomia da horietako bat. Beharbada, «ergonomia» da segurtasunaren ekuazioan guretzat ezezagunena. Ahalik eta konfortik handienarekin gidatzea ahalbidetzen duten elementuen diseinuari eta pertsonarekiko moldagarritasunari esaten zaio «ergonomia».

Gidatzen duen pertsonaren ongizatean eragiten du ergonomiak, baina ez horretan bakarrik. Ergonomiaz ari garenean segurtasunaz ari gara. Gidatzean, ergonomia alderdi oso garrantzitsua da istripuen prebentzioan; izan ere, muskuluetako ondoeza saihesten du, gidariari adi egoten laguntzen dio eta hobetu egiten du gidariak duen ibilgailuaren gaineko kontrola. Istripuak eragin ditzaketen faktoreak dira horiek.

Azken urteotako automobilen iragarkiek, motorraren potentzia nabarmendu beharrean, ibilgailuak gidariari eskaintzen dion konfortari erreparatzen diote. Ergonomiari esker, gure autoak erosoagoak dira, gidatzeko atseginagoak, eta baita seguruagoak ere errepidean.

  • Nekea gutxitzen du: trafiko-istripuen % 30 nekeak eragindako arazoengatik gertatzen da. Elementuetan zenbat eta ergonomia handiagoa izan, orduan eta erosoago gidatuko dugu. Hala, gutxiago nekatuko gara ibilbide luzeetan, eta aukera gutxiago izango dugu hanketako, besoetako eta bizkarreko uzkurdurak edo zurruntzeak pairatzeko.
  • Mugimendu-askatasuna handitzen du: mugitzeko beharrezkoa den espazioa eskaintzen du eta eskuragarriago jartzen ditu bolantea, pedalak eta aginteak.
  • Arreta galtzea saihesten du: arreta galtzea da istripuen lehenengo kausa. Smartphoneen boomaren ondorioz, gidatu bitartean era desegokian erabiltzen direnez, gehiegizko abiadura ez da jada istripuen eragile nagusia. Kontrol asko bolantean txertatu dira eta beste batzuk leku eskuragarriagoetan jarri; hala, ia-ia errepideari begirik kendu gabe gida dezakegu.
  • Istripua gertatuz gero ondorioak murrizten ditu: gidaria posizio egokian jarrita badago eta ibilgailuaren segurtasun-baliabideak erabiltzen badira, nabarmen murrizten dira ezbeharraren ondorioak eta larritasuna.
  • Hezur eta muskuluetako ondoeza gutxitzen du: ibilgailuak gidatzea da min eta lesio muskuloeskeletikoen ehunekorik handiena (% 81ekoa) eragiten duen lan-jarduera, INSSTren laneko baldintzei buruzko inkestaren arabera.

Inkesta egin duten gidarien erdiak baino gehiagok (% 57,5ek) min du bizkar-barrenean; % 36,8k dio lepoaldea eta garondoa direla haientzat gorputz-atalik minberenak, eta % 29,7k bizkarraren goialdea aipatu du.

Ondoeza saihesteko, edo gutxitzeko, garrantzitsua da ibilgailua gidatzen hasi orduko gomendio ergonomiko hauei jarraitzea:

  1. Egokitu eserlekuaren posizioa. Kontuan hartu beharrekoak:
  • Pedaletarako distantzia egokia. Enbrage-pedala hartuko dugu erreferentziatzat; barruraino zapaltzeko moduan eseriko gara, betiere belauna apur bat tolestuta dugula, inolaz ere erabat zuzen. Pedaletatik nahiko hurbil jarri behar gara, belaunak 130 gradu inguru tolestuta izan ditzagun.
  • Eserlekuaren altuera. Altuera egokitzean, kontuan hartu begiek haizetakoaren erdi-parean egon behar dutela.
  1. Egokitu eserlekuaren bizkarraldearen posizioa: bizkarra eserlekuaren kontra jarri behar da, bien artean tarterik utzi gabe. Eserlekuaren bizkarraldea ez da gehiegi bota behar atzerantz, bertikaletik 15-20 gradu gehienez.
  2. Buru-euskarriaren posizioa: buru-euskarriaren goialdea eta buruaren goialdea bat etorri behar dira. Garondoa buru-euskarrian jarri behar da, ia tarterik utzi gabe. Ez da nahitaezkoa burua euskarriaren kontra ezartzea, baina hurbil jarri behar da, 4 cm-ra gehienez, gerta litekeen balizko lepoko zartakoa leuntzeko. Buru-euskarriaren alderik handienak gure belarrien parean egon behar du.
  3. Bolantearen posizioa: altuera eta distantzia egokituta. Bolantearen altuera egokia izango da, baldin eta azpian hankak erosotasunez mugitzen baditugu eta kontrolak eta errepidea haren gainetik ikusten baditugu. Bolantearen eta gorputzaren arteko distantzia gomendagarria neurtzeko, ipini eskumuturrak bolantearen goiko aldean eta luzatu besoak. Gidatzean, eskuak ordulari-orratzen «bederatziak eta laurden» edo «hamarrak eta hamar» posizioetan jartzea da egokiena. Besoek gehienez 45 graduko angelua izan behar dute gorputz-enborrarekiko, sorbalden edo lepoaren gainkarga saihesteko. Ukondoak apur bat tolestuta egon behar dira, 90 gradutik gorako angelua osatuz.
  4. Jarri neurrira segurtasun-uhala: ez da oso estu eraman behar, oso nasai ere ez, bestela balaztada batek lesioa sor dezake lepoan, klabikulan edo bizkarrean. Azpiko uhala gorputzari doitu behar zaio, gertuago jarrita pelbiseko hezurretatik sabeletik baino. Goiko uhala sorbalda gainean jarri behar da, ez lepoaren edo klabikularen gainean. Haurdun bazaude, erabili umekia babesteko uhal ergonomiko bereziak.
  5. Egokitu atzerako ispiluen posizioa: burua mugitu gabe bidea ongi ikusteko moduan jarri behar dira ispiluak

Maria del Mar Crespo Millán. Mutualiako prebentzio-aholkularitzako arduraduna.

Mutualia
MUGIKORTASUN SEGURUAREN KONTZIENTZIAZIOAREN ASTEA