Automobilen eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen derrigorrezko aseguruaren funtzioa.

Ibilgailu motorduna edukitze hutsak inguruko pertsonei eta haien jabetzakoak diren ondasunei kaltea eragiteko arriskua sortzen du. Horregatik, Espainiako legerian jasota dagoenez, ibilgailu motordunaren jabeak nahitaez kontratatu behar du ibilgailuaren zirkulazioko erantzukizun zibila bermatuko duen asegurua. Era berean, aseguru horren mugak eta irismena ere legez zehaztuta daude. Ibilgailu motordunak kalteak eragiteko potentzialitate oso altua du. Hori dela eta, derrigorrezko auto-aseguru horren mugak ere oso altuak dira: ezbehar bakoitzeko muga 70 milioi eurokoa da pertsonei eragindako kalteen kasuan, eta 15 milioi eurokoa kalteak gauzei eragindakoak badira.

Gainera, aseguruen sektorean, zenbateko horiek beste 50 milioi euroko gehigarria dute borondatezko erantzukizun zibileko estalduraren bidez. Hala, azkenean zenbatekoak ia-ia mugagabeak dira, kontuan hartuta estatuan ez dela inoiz izan hainbesteko zenbatekoetara iritsi den ezbeharrik. Alde horretatik, Espainiako merkatuan lan egiten duten aseguru-entitateek eskaintzen dituzten derrigorrezko auto-aseguruen artean ez dago estaldura-diferentziarik. Ibilgailuari (beirei, ibilgailuaren kalteei) eta gidariari dagozkien estalduretan, berriz, aldeak egon daitezke, eta baita zerbitzuan eta bezeroei zein kaltetuei arreta eskaintzeko denboran ere. Azpimarragarria da ibilgailu motorduna aseguratuta edukitzeko betebeharra derrigorrezkoa dela ibilgailua erabiltzen ez bada ere. Ondasun hori edukitze hutsak arriskua sortzen du, ibilgailua gidatzeko asmorik ez izan arren (adibidez, esku-frenoa berez aska liteke eta autoak norbait harrapatu).

Derrigorrezko auto-aseguruak kanpoan uzten ditu egoera jakin batzuk, besteak beste, alkoholaren eta drogen eraginpean gidatzea, baina legeriak bereziki babesten du ezbeharrean kaltetutako hirugarrena, eta aseguratzaileek beren gain hartu behar dute, nahitaez, kalte-ordaina. Dena den, aseguru-entitateek ezbeharraren eragile izan denaren ondaretik kobra dezakete gero kalte-ordain hori. Gerta liteke estaldurarik ez egotea, hau da, ibilgailu batek asegururik ez edukitzea edo kalteak eragin dituen ibilgailua identifikatu gabe egotea. Baina egoera horretan ere legeriak kaltetua babesten du, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoaren bidez. Erakunde horrek auto-aseguruak sektorean ordaintzen dituen primen zati batekin egiten die aurre halako egoerei.

Berriki, MPI direlakoak (mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak) azaldu direnetik, hala nola patinete elektrikoak eta antzekoak, eztabaida piztu da: derrigorrezko asegururen bat eduki behar ote duten bide publikoa erabiltzen duten gainerako pertsonak babesteko. Ibilgailu horietako batzuk ibilgailu motorduntzat hartzen dira, eraikuntza-ezaugarriengatik eta har dezaketen abiaduragatik. Horiek derrigorrezko auto-asegurua eduki behar dute, baina gehienak ez dira mota horretakoak, gainerako pertsonentzako arriskutsuak izan daitezkeela agerikoa dirudien arren. Beraz, oso gomendagarria da hirugarrenen ondarea eta gidariarena arriskuan jar ditzaketen ezbehar-ondorioak estaliko dituen asegurua formalizatzea. Izan ere, kalteak eraginez gero, eta erantzukizun zibileko asegururik ez badago, ezbeharraren eragilearen ondarearekin egingo zaie aurre ondorioei. Ildo horretan, aseguru-entitateek euren produktuak sortu dituzte, edo beste aseguru batzuk egokitu dituzte, etxe-asegurua adibidez, mugikortasun-formula berriek ekarri dituzten beharrei erantzuteko.

[:]