Mutualiari goraipamena

Segurtasun Sailak errekonozimendua adierazi dio Mutualia enpresari, bide-segurtasunarekin hartutako konpromisoagatik

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak Euskadiko enpresetan bide-segurtasunaren kudeaketa hobetzeko sortutako Innovabide Sareak hogeita hamar bat erakunde izango ditu atxikita urtearen amaieran

Bilbo. 2019.12.12

Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak gaur goizean egin du Bizkaiko hiriburuan bide-segurtasunarekin konpromisoa duten Euskadiko erakundeen Innovabide Sarea osatzen duten enpresak elkartzeko ekitaldia. Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak Mutualiari eman dio lehenengo Innovabide errekonozimendua, bide-segurtasunaren kudeaketan egindako jardunbide onengatik. Bestalde, Protón enpresak aipamen berezia jaso du.

Innovabide Sarea 2017an jarri zen abian, “in itinere” (lanpostuko joan-etorrietan) eta “in mision” (lanean ibilgailu bat gidatzen) istripuetan izandako hildakoen eta zauritu larrien % 40 murrizteko. Zifra horiek murriztea da Trafiko Zuzendaritzaren 2015-2020 aldiko Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoan jasotako helburu nagusietako bat. 2018an 744 istripu gertatu ziren “in itinere” edo “in mision”, eta 5 pertsona hil ziren eta 41 zauritu larri izan ziren.

Neurri eta lan-eremu guztietako Euskadiko edozein enpresak parte har dezake inolako kosturik gabe Innovabide Sarean. Horrela, bide-segurtasunaren kudeaketatik hartutako konpromisoaren baitan neurtzeko moduko ekintza zehatzak egingo ditu eta sare sozialetan presentzia izango du laneko bide-segurtasuna lantzen duen enpresa gisa, eta beste erakunde batzuekin ezagutzak trukatzeko eta ikasteko aukera izango du.

Euskadiko Artxibo Historikoan gaur egin den ekitaldian Innovabide Sarea dinamizatu da eta sareko parte-hartzaileei informazioa eta esperientziak partekatzeko aukera eman zaie errepideko ezbehar-tasa murrizten eta mugikortasun seguruaren kontzientzia sustatzen jakin dezaten.

Ekitaldiaren hasieran Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak Mutualiaren lana azpimarratu du, eta bide-segurtasunaren kudeaketako jardunbide onei esker lehenengo Innovabide errekonozimendua jaso du bere konpromisoagatik eta emaitza bikainengatik. Bestalde, Protón enpresak aipamen berezia jaso du bere ahaleginengatik. Zubiagak azpimarratu duenez, “prebentzioa ezinbestekoa da lan-esparruko trafiko-istripuen kopurua murrizteko, eta gaurkoa bezalako topaketak Euskadin laneko bide-segurtasuna hobetzen lagunduko duten jakintzak bateratzeko aukera bikaina eta ikasteko laborategia dira”.

Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak egin die ongietorri bertaratuei. Zuzendariak gogoratu duenez, “orain arte Innovabide Sarea Euskadiko sektore ezberdinetako (besteak beste, industriako edo zerbitzuetako) 27 enpresak osatzen dute. Zifrak gora egiten jarraitzen du, eta urtea amaitzean proiektuari atxikita hogeita hamar bat erakunde izatea espero dugu. Ekimen honen balioa Sarea osatzen duten enpresek euren kudeaketatik hartutako konpromisoan dago. Bide-segurtasuna, beraz, adierazle ebaluagarria izango da Innovabide osatzen duten enpresen kudeaketa-planetan. Kudeaketa aurreratua deitzen diogu, baita Bide Segurtasunaren esparruan ere”.

Aurreikusitako programari jarraituz, bide-segurtasuneko jardunbide onen ereduak azaldu dituzte Protón Electrónica SLU, Fernández y Aedo eta Ingeteam enpresek eta Urkide ikastetxeak. Topaketaren bigarren zatian egin den talde-dinamikan bide-segurtasunaren esparruko hausnarketak, jakintzak eta esperientziak partekatu dituzte Trafiko Zuzendaritzaren Innovabide Sareari atxikitako enpresek.