EUROPAKO MUGIKORTASUNAREN ASTEA: “Isuririk gabeko mugikortasunaren alde”

Europako Mugikortasunaren Astea kanpainak helburu argia du: automobila hirian zentzurik gabe erabiltzeak osasun publikoarentzat eta ingurumenarentzat dituen ondorio txarren inguruan agintari politikoak eta herritarrak sentsibilizatzea. Ildo horretan, garraiobide jasangarriagoak —garraio publikoa, bizikleta, oinez ibiltzea, kotxea partekatzeko sistemak eta abar— erabiltzearen onurak nabarmentzen ditu.

Ekimena Europan sortu zen 1999an, eta 2000. urtetik aurrera Europako Batzordearen babesa izan du. Urtero, irailaren 16tik 22ra bitarteko astebetean, hainbat jarduera eramaten dira aurrera mugikortasun jasangarria sustatu eta jardunbide egokiak eta neurri iraunkorrak bultzatzeko.

Gainera, hirietako trafikoaren gorakadarekin lotutako arazoei irtenbide berriak bilatzeko asmoarekin, irailaren 22an Hiria kotxerik gabe! ekitaldia egiten da, Europako ekimenaren jatorria dena.

Isuririk gabeko mugikortasunaren alde

Europako Batzordeak «Isuririk gabeko mugikortasunaren alde» gaia aukeratu du aurtengo kanpainarako. Izan ere, 2050. urterako karbono isurietan neutraltasuna lortzea da Europako Itun Berdean jasota dagoen helburu garrantzitsuenetako bat. Hala, zero isuriko garraiobideak eskuragarri izatearen garrantzia eta pertsona guztientzako inklusiboa izango den sistema sustatu beharra azpimarratuko dira aurten.

Aipatutako astean zehar mugikortasun jasangarriarekin lotutako hamaika ekintza izaten dira, gizarte-erakundeek, enpresek, erakunde publikoek eta norbanako askok bere kabuz bultzatutakoak. Esteka honetan ikus ditzakezu, esaterako, ekimenean parte hartuko duten hiriak.

Bizikleta erabiltzea

Zero isuriko garraiobideak erabiltzearen adibide argia bizikleta da. Gure hiri eta herrietan gero eta gehiago erabiltzen da, Espainiako Bizikletaren Barometroan ikusten denez. Txosten horren arabera, 2022an 2 milioi lagunek astintzen dizute pedalak egunero etxera edo lanera joateko.

Europako Batzordeak kanpainaren bultzada baliatu ohi du sustapen-jarduerak egiteko eta mugikortasun-arazoak konpontzeko proiektuak lantzeko. Era berean, beste alderdi batzuk ere hartzen ditu kontuan, hala nola hezkuntza eta zenbait erakunderen plangintza estrategikoak.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak hainbat baliabide jarri ditu herritarren eskura mugikortasuna seguruagoa eta jasangarriagoa izan dadin sustatzeko: