Ángel Vidali, Protón Electrónica SLUren sortzaile eta kudeatzaileari, elkarrizketa

-Hasteko, Protón Electrónica ezagutuko dugu. Zein da haren jarduera?

Kalitate eta efizientzia elektrikoari lotutako ekipamendu elektriko eta elektronikoen aholkularitza, diseinua, merkaturatzea, instalazioa eta mantentzea. Nagusiki, ekipamendu kritikoak babesteko etenik gabeko elikadura-sistemak (UPS).

Gure ia lan guztia gure bezeroen zentroetan egiten dugu.

Itxuraz, gure arrisku nagusia elektrikoa da. Baina horri lanak egiten ditugun enpresen orotariko arriskuak eta enpresa horietarako joan-etorriak gaineratu behar zaizkio.

-Protón enpresa txikia da. Nola planteatzen da prebentzioa?

Prebentzioa eguneroko zereginetan integratuta dago. Material eta instalazioen barne-mantentzearen parte da, bisitaturiko lantokiekin egiten ditugun jardueren koordinazioaren parte, pertsonek beren lan-jardunean dituzten erantzukizunen parte.

Tamaina kontuan hartuta (6 pertsona gara) enpresaburuak bere gain har balezake ere, zaintzaren eta osasunaren kasuan izan ezik, kanpoko prebentzio-zerbitzu baten aholkularitza eskatzea erabaki dugu.

-Kalitate-arau ugariren eta Enpresa Osasungarriaren ziurtagiria lortu du.

    1. urtean, gure “berrikuntza-agenda” egin genuen kanpoko aholkulari baten laguntzarekin, Eusko Jaurlaritzaren sustapen-programa baten barruan. Jarduera berrien eta enpresetan ohikoak diren ziurtagirien lorpenaren plangintza egin zen. “Garrantzitsuena pertsonak direnez gero”, OHSAS18001 arauaren ziurtagiriarekin hasi ginen. Pertsonen segurtasuna. Gauzak ongi egiteko dugun borondateari esker, nahi genituen emaitzak bermatzeko sistematiketara jo genuen.

Pixkanaka, arau gehiago bete genituen: ISO9001 (Kalitatea) 2010ean, eta ISO14001 (Ingurumena) eta ISO14006 (Ekodiseinua) 2012an. Horren osagarri gisa, gure 5Sak hobetu eta EUSKALITen Kudeaketa Aurreratuaren Eredua ezarri genuen.

    1. urtean, OSALAN 2009 saria eta Europako SST Agentziaren 2011 eta 2013ko sariak lortu ondoren (Europako 2 sari lortu dituen enpresa bakarra gara oraingoz), amaitu genuela zirudien.
    2. urtean, enpresan lan-giro txarra utzi zuen krisi ekonomikoaren aldirik okerrena gainditu ondoren, Enpresa Osasungarriaren eredu bat ezartzen hasi, kanpotik ebaluatu eta ziurtatu egin genuen.

-Nola sortzen da lan-giro osasungarri bat?

MikroETE baten kasuan, gurea kasu, Zuzendaritzaren konpromisoa funtsezkoa da. Zuzenean lotuta dago balioekin eta lehentasunekin.

Erabakia hartu ondoren, printzipio batzuk finkatu behar dira (gure kasuan, Luxenburgoko Adierazpenaren printzipioak).  Enpresa osasungarriaren eredu bat ezartzeari dagokionez, 2015. urtean hobekien zehaztuta zegoena eta gure kudeaketa-ereduarekin bateragarria zena AENORen eredua zen.

Baliabide ekonomikoak eta prestakuntza bideratu behar dira, Zuzendaritzarekin hasita. Pertsonei informazioa eman behar zaie, eta parte hartzeko bideak eman behar dira.

Zer alde dago enpresa Seguru baten eta enpresa Osasungarri baten artean? Ala gauza bera al dira?

Enpresa Osasungarri bat enpresa Segurua da nahitaez. Ezinbesteko premisa da.

Enpresa Osasungarri baten helburua Ongizatea da, lesio eta gaixotasun profesionalik ez izatera mugatu gabe.

Lan-giro osasungarriak hobetzeko ekintzak behar izan ditzaketen funtsezko lau alderdiak hartzen ditu kontuan:

1) Ingurune fisikoa (agente kimikoak, fisikoak, biologikoak, ergonomikoak eta abar).

2) Giro psikosoziala (kultura instituzionala, aginte- eta kontrol-estiloa, kontziliazioa, jazarpena eta abar).

3) Osasun-baliabideak (jarduera fisikorik eza, elikadura desegokia, substantzia kaltegarrien kontsumoa, osasun mentala, zahartzea eta abar).

4) Enpresak komunitatean duen parte-hartzea (langileen familiak, ezagutzak komunitatera helaraztea, ingurumen-alderdiak eta abar).

Enpresa seguruek ingurune fisikoa dute ardatz nagusi. Giro psikosoziala, berriz, neurri txikiagoan hartzen da kontuan, eta gainerako faktoreak ezbehar-tasan zuzenean eragina dutenean baino ez.

-Eman iezaguzu enpresa Osasungarri baten jardunbide egokien adibideren bat.

Hona hemen gure jardunbide egokietako batzuk:

1.- Ingurune fisikoa

Bide-segurtasuna:

      • Era seguru eta eraginkorrean gidatzeko prestakuntza.
      • Ibilgailu eguneratuak: ABS, aire girotua, atzeko ikuspegiko kamera…
      • Fabrikatzaileak gomendatutako mantentzea.
      • Ibilgailuen hileko barne-azterketak: pneumatikoak, haizetako garbigailua, su-itzalgailuak, botika-kutxak…

Gure txukuntasuna eta garbitasuna hobetzea:

      • 5Sen ezarpenak: EUSKALIT 2015 zilarrezko diploma

2.- Giro psikosoziala

      • 2014ko eta 2018ko ebaluazio psikosoziala
      • INSHT 2015 inkesta psikosoziala
      • Lanaren antolamendua gure pertsonen ezaugarri berezi eta aldakorretara egokitzea: zahartzea, egoera fisikoa, trebetasunak, lehentasunak, kontziliazioa, egoera psikosoziala eta abar.

Kudeaketa hobetzea:

      • EUSKALIT 2015 Kudeaketa Aurreratuko diploma.
      • Zilarrezko Aintzatespena 2019an.

3.- Osasun-baliabideak

      • Gune kardio-osasungarria: desfibriladorearen instalazioa, prestakuntza, simulakroak.
      • Ohitura osasungarriak: kirolaren sustapena: 100 € hilean pertsona bakoitzeko (egiaztagiria aurkeztean), kiroldegi, gimnasio, bizikleta, ekipamendu eta abarretarako.
      • Lanean fruta, jogurtak eta abar eskuragarri izatea.
      • Laguntza medikoa: osasunaren zaintza hobetzea, eta, horretarako, markatzaileak erabiltzea, gure pertsonen adinaren, generoaren eta ezaugarri berezien arabera. Tumore-markatzaileak eta abar.
      • Gure pertsonei gama altuko mediku-aseguru bat ematea, hortz-prestazioak barnean hartuta.

 

 

4.- Komunitatean parte hartzea:

      • Beste erakunde batzuekin jardunbideak partekatzea.
      • Praktiketan dauden ikasleak hartzea.
      • Gizarte-erantzukizuna eta jasangarritasuna.

-Langileen inplikazioa erabatekoa izango da, noski.

Nolabaiteko eszeptizismo bat nagusi izan zen hasierako etapa baten ondoren, eta batzuek baliabideak dirutan (soldata-igoera) ematea nahiago dutela (norberak bere lehentasunak zehaztu ditzan) alde batera utzita, inplikazioa handia da.

Araudiak pizgarria kentzen dio enpresan osasuna sustatzeko aukerari. Mediku-aseguruek edo kirol-jardueretarako esleitutako baliabideek gauzazko ordainsari gisa agertu behar dute nominan. Horren ondorioz, zerga-atxikipena handiagoa izan daiteke, eta pertsonak lehen baino diru-sarrera gutxiago izan ditzake dirutan.

Nire ustez, enpresan osasuna sustatzeak aurrezpen handia dakar Gizarte Segurantzarentzat, eta zerga-ezarpenaz salbuetsita egon beharko luke. Espero dut jaten diren sagarrak eta jogurtak zenbatzera, pisatzera eta nominan sartzera ez behartzea.

-Hainbat eremutako adituek aurreikusi dutenez, jokatzeko eta pentsatzeko moduak aldatu egingo dira sektore guztietan, Covid-19aren krisia dela eta. Zer uste duzu zuk?

Covid-19ak jada abian zeuden prozesuak bizkortuko ditu: telelana, automatizazioa, pertsonek produkzio-baliabideetan duten garrantziaren txikiagotzea, kualifikazio handiko langileen eta ezinbestekoak ez direnen arteko arraila, online erosketak eta abar.

-Protón Innovabide sarean sartuta dago, hots, bide-segurtasunarekin konprometituta dauden euskal enpresen sarean.

Enpresak 1981ean sortu zenetik izan duen istripu bakarra (astebeteko baja eragin zuena) trafiko-istripu bat izan da. Hori duela 20 urte baino gehiago gertatu zen.

Estatistiken arabera, lan-istripuek eragindako heriotzen % 30 inguru bide-ezbeharrei lotuta daude, baina guk ez genion gaiari arreta handirik jarri, ez baitzigun gorabeherarik sortzen.

Gure teknikariek, ordea, joan-etorri asko egiten dituzte. Enpresa Osasungarriaren eredua ezartzean, bide-segurtasunaren prebentzio-izaera handiagoko berrikuspen bat egin genuen. Irizpide batzuk (hala nola telelana, kontziliazio-arrazoiak direla eta) bide-segurtasunaren eta joan-etorrien murrizketaren zeharkakoak izan ziren. Gauza bera gertatu zen teknikarientzako lanaldi jarraituen plangintzarekin, ahal den guztietan aplikatu duguna. Barne-mantentzeak ere (gure ibilgailuen eta enpresako gainerako elementuen hileko berrikuspenak barnean hartuta) eragina izan du gure bide-segurtasunean.

EUSKALITek gure bide-segurtasunaren ebaluazioa egitea proposatu zigunean, enpresa segurua eta osasungarria ginenez gero, bide-segurtasuneko jardunbide egokiak ezarrita genituen jada.

Innovabide sarean sartzea bat dator izan nahi dugun kudeaketa-ereduarekin.

-Joan den abenduan, gainera, aipamen berezia jaso zenuten arlo horretan agertutako inplikazioagatik.

Sorpresa atsegina izan zen. Aurkeztu gabe lortu dugun aintzatespen bakarra da. EUSKALITekin egin genuen ebaluazioa "komunitatean dugun parte hartzearen" barruan egin genuen. Ez zegoen jardunbiderik onenak aintzatesteko proposamen formalik.

Aintzatespen publikoek enpresaren barne-kohesioa sustatu eta Zuzendaritzaren politikak indartzen dituzte, eta beste enpresa batzuen parte-hartzea sustatzen dute.