Innovabide jardunaldia 2023ko martxoak 16

Eusko Jaurlaritzak Innovabide Sareko enpresen IV. Topaketa egin du

  • Helburua izan da laneko bide-segurtasunaren esparruko jardunbide egokiak trukatzea, giza faktorean oinarrituta
  • 2022an 6 pertsona hil ziren Euskadin in itinere edo in mision gertatutako trafiko-istripuetan

Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak gaur goizean inauguratu du Euskadiko Artxibo Historikoan Innovabide Sareko enpresen IV. Topaketa. Eusko Jaurlaritzak euskal enpresetan laneko bide-segurtasuna hobetzeko sortutako sare honek mugikortasun seguru, osasungarri eta jasangarrirako bidean esperientziak eta jardunbide egokiak trukatzearen aldeko apustua egiten du urtean behin egiten dituen topaketa hauetan.

Oraingoan arreta bideratu nahi izan da gidatzean pertsonen emozioek eta aldarteak duten garrantzira. Horrela, “Giza faktorea” izenburupean, besteak beste, dibertsitate funtzionala duten pertsonen hiriko mugikortasunaz, arriskuen prebentzioaz eta enpresetan emozioak kudeatzeaz hitz egin dute. Bestalde, laneko bide-segurtasunari buruzko prestakuntzarako Eusko Jaurlaritzaren aplikazio berria ere aurkeztu dute.

Diaz de Corcuerazen arabera: “Euskadin, gaur egun, hildakoak edo zauritu larriak eragiten dituzten hiru trafiko-istripuetatik bat lanaren esparruan gertatzen da, eta funtsezkoa da, beraz, Euskadiko enpresa-sarean laneko bide-segurtasuna kudeatzen jarraitzea”.

Iaz Euskadin gertatu ziren trafiko-istripu guztien % 12 in itinere (laneko joan-etorrietan) edo in mision (lan-jardueran ibilgailu bat gidatzean) gertatu ziren. Istripu horien ondorioz 6 pertsona hil ziren eta beste 40 larri zauritu ziren. 2021ean 5 pertsona hil ziren eta 34 larri zauritu ziren era horietako ezbeharretan; urte horretan ere trafiko-istripu guztien % 12 gertatu ziren in itinere edo in mision.

Eusko Jaurlaritza modu aktiboan ari da lanean lan-esparruan gertatzen diren istripu horiek prebenitzeko eta gutxitzeko. Helburu horrekin sortu zuen 2017an Innovabide Sarea, kudeaketa aurreratuaren bidez bide-segurtasunaren aldeko konpromisoa hartuta duten enpresek osatua. Edozein enpresa sar daiteke sarean dohainik, edozein izanik ere neurria edo sektorea. Horrela, bide-segurtasunaren kudeaketatik hartutako konpromisoaren baitan neurtzeko moduko ekintza zehatzak egingo ditu, sare sozialetan presentzia izango du, laneko bide-segurtasuna lantzen duen enpresa gisa, eta beste erakunde batzuekin ezagutzak trukatzeaz eta ikaskuntzaz baliatu ahal izango da. Gaur egun sektore ezberdinetako 66 erakunde eta enpresa baino gehiago daude Innovabide Sarean, eta egunetik egunera atxikipen gehiago izaten ditu.

Fuente: Irekia.