IV. INNOVABIDE aintzatespena

Eusko Jaurlaritzak laneko bide-segurtasunarekin hartuta duen konpromisoa aitortu dio Asepeyo mutualitateari

  • Gainera, aipamen berezia egin dio Kapsch enpresari
  • Innovabide Sareak bide-segurtasunaren aldeko konpromisoa hartuta duten 70 erakunde eta enpresa biltzen ditu


Eusko Jaurlaritzak laneko bide-segurtasunarekin hartuta duen konpromisoa aitortu dio Asepeyo mutualitateari


Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako trafikoko zuzendariak gaur eman die 2023ko Innovabide Aintzatespena Asepeyo mutualitateari eta aipamen berezia Kapsch enpresari, bide-segurtasunaren arloan hartutako konpromisoagatik eta gauzatutako jardunbide egokiengatik.

Euskadin gertatzen diren eta hildakoak edo zauritu larriak eragiten dituzten 3 trafiko-istriputatik bat lan-esparruan gertatzen da. Aurten, orain arte, 910 istripu gertatu dira in itinere (lanera joatean edo lanetik itzultzean) edo in mision (lanean gidatzean) Euskadiko errepide-sarean. Istripu horien ondorioz 6 pertsona hil dira eta beste 39 larri zauritu dira. Zenbakiak iazkoen oso antzekoak dira; izan ere, iaz era horretako 936 istripu gertatu ziren, eta 6 pertsona hil ziren eta beste 40 larri zauritu ziren. 2021ean 662 istripu gertatu ziren, eta istripu horietan 5 pertsona hil ziren eta 34 larri zauritu ziren.

Laneko bide-istripuei aurrea hartzeko asmoz, 2017an Eusko Jaurlaritzak Innovabide Sarea sortu zuen. Sare hori kudeaketa aurreratuaren bidez bide-segurtasunarekin konprometitutako enpresek osatzen dute. Edozein sektore eta tamainatako organizazioak atxiki daitezke dohainik. Hori egitean, bide-segurtasunarekiko konpromisoa hartzen dute kudeaketatik, eta, horren ondorioz, neurtzeko moduko ekintza zehatzak egingo dituzte, sare sozialetan presentzia izango dute, laneko bide-segurtasunaren alde lan egiten duten enpresa gisa, eta beste erakunde batzuekin ezagutzak trukatzeaz baliatu ahal izango dira. Gaur egun sektore ezberdinetako 70 enpresa inguru daude Innovabide Sarean.

Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariak ekimen honen garrantzia azpimarratu du, honako hau kontuan hartuta: “Astelehenetik ostiralera bitartean gure errepideetan egiten diren joan-etorri gehienak lan-arrazoiengatik egiten dira. Horregatik da garrantzitsua Innovabide Sareak gero eta atxikipen gehiago izatea, in itinere eta in mision istripuei aurrea hartzen laguntzeko. Horrek Euskadin bide-sare seguruago baterantz egiten laguntzen digu, Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako eta Jasangarrirako 2025 Plan Estrategikoan hatutako konpromisoari erantzunez, trafiko-istripuetan Zero Biktima izateko helburuarekin0 lan egiten baitu”.

Joan den martxoaren 15ean egin zen Innovabide Sareko enpresen IV. Topaketa Euskadiko Artxibo Historikoan, eta sarea osatzen duten organizazioen esperientziak eta lan-esparruko bideko istripuen tasa murrizteko gauzatzen dituzten ekintzak azaldu zituzten bertan.

Gaur sari-banaketa egin da Euskadiko Trafikoa Koordinatzeko eta Larrialdiak Kudeatzeko Zentroan, eta Olabarrik Asepeyo enpresari eman dio IV. Innovabide Aintzatespena, bide-segurtasunaren kudeaketan hartuta duen konpromisoagatik eta bere jardunbide egokiengatik. Irabazi-asmorik gabeko mutualitate hori nabarmentzen da, besteak beste, bide-segurtasunaren arloan egiten dituen sentsibilizazio-kanpainengatik, gidatzeko multimedia simulagailuekin egiten dituen tailerrengatik eta telelana eta telemedikuntza sustatzeagatik joan-etorriak murrizteko.

Era berean, Trafikoko zuzendariak aipamen berezia eman dio garraio-sistema adimendunetan eta trafikoa kudeatzeko soluzioetan liderra den Kapsch enpresari, bere lan-eremuan bide-segurtasuna sustatzeko egindako ahaleginengatik.

Fuente: Irekia.